2012/06/15

Gasteiz green, euskara aurrekontuak beltz



Joan den ekainaren 5ean eginiko prentsa agerraldian salatzen genuen bezala, Gasteizko Udalak ez du euskara aurrekonturik eta oraindik ere horrela jarraitzen du. Maiatzaren 22ko Euskara Sektore Kontseiluko bileran jaso genuen Alfredo Iturricha zinegotziaren eskutik murrizketak egongo zirenaren berri baina ez zuen inongo datu zehatzik eman ezta aurrekonturik aurkeztu ere.

Ezohiko Euskara Sektore Kontseilua ere deitu genuen, berandu baina azkenean atzo bertan izan zen eta han ere zinegotziak ahoz eman zigun bere asmoen berri.

Euskararekiko eta euskalgintzarekiko errespetu falta salatu nahi dugu berriz ere. Ekaina erdialdean oraindik eragileok ez dakigulako udalak ze aurrekontu izango duen eta ondorioz ezta guk geuk ere zenbateko aurrekontua izango dugun.

Behin eta berriz udaletik ahalegin bat egiteko eskatzen ari dira, murrizketa horiek onartu eta besterik gabe aurrera jo dezagun. Jakin nahiko genuke beraiek ze ahalegin egiteko prest dauden. Udal aurrekontu osoaren %0,35 suposatzen du euskara zerbitzura bideratzen denak, nahikoa murritza da dagoeneko eta ondorioz ez dagoen lekutik ezin da murriztu. Gainera udalak murrizketa horiekin zenbat aurreztuko du? Euskalgintzaren proiektuak arriskuan jarriz konponduko ote da udalak izan dezakeen diru arazoa?

Gasteizko euskalgintzak garatzen dituen proiektuak kolokan daude, proiektu horien onuradun diren herritarren kaltetan. Udalak entzungorrarena egiten du eta ez du egoera argi eta garbi azaltzen. Guzti hau gertatzen ari den bitartean alkateak ez du aipamenik ere egin, bera denean udalaren hizkuntza politikaren arduradun nagusia.

Gasteiz hiriburu berdea da aurten, horren harira antolatu dituzte Hizkuntza Ekologiari buruzko jardunaldiak. Baina bitartean euskara aurrekontuak beltz daude eta ez dakigu udalaren hizkuntza politika itxura hutsa den edo benetan horren atzean zerbait dagoen.

Gasteizko euskalgintzak bitartean lanean jarraituko du, egunerokotasunean baina baita aldi berean gaur azaleratzen dugun egoera salatzen eta udalari informazioa eskatzen. Helburu horrekin datorren astean izango den Euskara Batzordean txanda eskatu dugu, han ere, gure kezkak eta zalantzak aurkeztu eta argitzeko asmoz.