2012/06/06

Gasteizko euskalgintza: "Udalak ez du euskara aurrekonturik"



Hona hemen Gasteizko euskalgintzak bidalitako prentsa oharra eta bideoa:





Azken EUSKARA SEKTORE KONTSEILUA: maiatzaren 22an  
Duela bi asteko euskara udal kontseiluan partaide izan ginen euskalgintzako agenteok, ohi bezala, galdetu genuen ea zergatik zeuden hitzarmen guztiak eta diru-laguntza deialdiak geldirik, sinatu gabe. Alfredo Iturricha euskara zinegotzi jaunak erantzun argirik eman ez arren, nabarmen geratu zen: Euskarak ez du aurrekonturik oraindik Gasteizen, aurkeztu zutenak ez omen du balio: dena zintzilik dago. Ba al du Gasteizko udalak hizkuntza politikarik?
Salatu nahi dugu lehenengo eta behin informazio falta, eta adierazi, ondorioz, hutsaren hurrengoa bagina bezala sentitu garela. Azken udal kontseiluan ikusi genuenaren arabera etorri berriak dira agintera eta oso errespetu, ezagutza eta interes gutxi adierazi dute euskararekiko eta euskararen alde lanean urteak daramatzagun elkarteekiko.

EUSKALTZALEEN eta EUSKALGINTZAREN AHALEGINARI ESKER 
Begi-bistakoa da Gasteizko euskalgintza azken urteotan udalarekin lankidetzan aritu dela; behar zuena baino askoz gutxiago jaso badu ere. Eta,era berean, euskararen aldeko dinamika eraginkorrak piztu ditugula hirian gure aldetik kuantifikatu ezin dena jarrita: ilusioa, baliabideak, denbora eta indarrak, interes orokorreko proiektuak aurrera ateratzeko.
Zenbait gauza aurrera ateratzea oso merke atera zaio udalari. Eta nabarmen utzi nahi dugu Gasteizen euskarak aurrerapausoak izan baditu, euskaltzaleok eta euskalgintzako eragileok urterik urte izan dugun jarrera eta konpromisoagatik izan dela; euskaraz bizi ahal izateko dinamikak egunez egun garatu ditugulako.

Baina kontuak garbi: Gasteizko udal gobernuek orain arte euskarari eskaini dioten aurrekontuaren ehunekoa % 0,35 inguru izan da gehienez, ez da heltzen ez % 0,7ra eta ezta Kontseiluak planteatzen duen % 2ra ere. Eta maldan behera erortzeko arriskua dago.

EUSKARA AIREAN 
Udalak euskararekiko konpromiso batzuk hartuak ditu azken urteotan, baita udal talde honek ere; euskara biziberritzeko planean jasota daude, eta alderdi guztien kontsentsua egon da. Hori goizetik gauera zakarretara botatzeko prest dagoen galdetu nahi diogu udal gobernuari.
Kezkatuta gaude oso, izan ere orain euskara airean dago, behar bada  “ El euskara no se toca”  esan zuelako alkateak. Bitrina batean sartu nahi ote dute BIBAT museoan, adibidez, inork ez dezan ukitu?

Ekainean gaude, urte erdia pasa da, gastua egin dugu eta dena dago zintzilik. Diru-laguntza eta hitzarmen guztiak geldituta daude euskara zerbitzuan. Zeren zain? Ezin dugu onartu hartutako konpromisoak bertan behera uztea une batetik bestera, ondorio ekonomikoak oso larriak izango lirateke,  eta euskararen alde lanean ari garen pertsona eta Elkarteok ez dugu zertan egoera hauek pairatu.


EZOHIKO EUSKARA SEKTORE KONTSEILUA KONBOKATU DUGU 
Ez gaude seriotasun eta errespetu falta hau onartzeko prest. Aurrekontu bat aurkezteko deia egiten diogu udal gobernuari, araudiari segituz; eta horren berri eman dezan ekainaren 6ean ezohiko euskara sektore kontseilua konbokatu dugu kideen gehiengoak hala eskatuta, arratsaldeko 17:00etan. Dei egiten diogu udal taldeari bertan bere euskararekiko jarrera eta aurrekontua argitu ditzan. Era berean, hedabideak ere bertan egotera gonbidatzen zaituztegu.
Gorarazi nahi genuke Euskara Sektore Kontseiluko barne araudian jasotzen dela aurrekontuak bertan aurkeztu eta eztabaidatuko direla, eta horixe egitea nahi dugula. Udalaren jarrera orain artekoa bezalakoa baldin bada Euskara sektore kontseilua bertan behera utziko dugu.




Gasteizko euskalgintza, 2012ko ekainean