Ikasle agurgarria,
Lehenik eta behin, gure agurrik beroena helarazi nahi dizugu. Ezohiko egoera berezi eta latz honetan, bai zu bai zure ingurukoak ahalik eta indartsuen eustera animatu nahi zaituztegu.
Gure mezua AEK-ko ikasle guzti-guztientzat da, bakoitzaren egoera zehatza gorabehera. Hori dela eta, gerta daiteke aipamen orokorrek ez egitea bat beti norberaren errealitatearekin. Gainera, argi dugu oso erakunde zabala garela (100 euskaltegi baino gehiago Euskal Herrian) eta zuzen-zuzeneko harremana Arana, Aixkiria zein Zadorra euskaltegiarekin izango duzula.
Lanean segitzen dugu. AEKren euskaltegi guztiak itxita badaude ere, koronabirusagatik, lehendabiziko unetik ahalegindu gara zuokin, ikasleokin, jarduera didaktikoari urrunetik eusten, ahal izan dugun egoera eta talde guztietan. Teknologiak ematen dizkigun aukerak baliatuz, hainbat bide erabiliz, zuon euskara-ikasprozesuan etenik ez izatea nahi izan dugu.
Azken bi aste hauetan egin duzun ahaleginak, urrutitik izan duzun jarrerak, pozik eta harro sentiarazten gaituzte. Eskerrik asko eta zorionak. Era berean, jakin badakigu hainbat arrazoi tarteko ikasle guztiak ezin direla “modu berri” honetan aritu; guztiz ulergarria da. Goian aipatu bezala, oso egoera zail eta latza bizi izaten ari gara, eta, batzuetan, ezinezkoa da. Hala daudenentzat ere gure besarkadarik beroena, eta espero dugu laster elkarren berri izatea.
AEKn ere badugu egokitzapen eta ezintasunik, nor bere etxean eta testuinguruan moldatzen ari garelako egungo egoerara, eta, behin baino gehiagotan, ezinezkoa zaigu dena-dena nahiko genukeen bezala bideratzea.
Urtero egiten ditugun balorazio-inkestetan, hitz eder asko jasotzen ditugu irakasleei buruz; haiek dira AEK-k eskaintzen dizkizun altxorrik preziatuena. Egoera hau hasi zenetik, zure irakaslea egon da zurekin harremanetan, ahalik eta hobekien. Bada, orain, aukera paregabea duzu harreman hori estutu eta zure kezken zein ideien berri emateko hari. Horrez gain, beste bide hauek ere badituzu AEKra jotzeko: esan@aek.eus / 946 464 000 - 673 200 100
Amaitu aurretik, hainbat kontu:
AIZU! aldizkaria: apirileko alea eskura dago. Oraingoan, baina, PDF formatuan jasoko duzu. www.aizu.eus webgunean dago.
Informazioa etengabe zabaltzen jarraitzen dugu, www.aek.eus webgunean eta sare sozialetan.
Webguneko blogean sartuz gero, Jon Maia bertsolariak AEK-ko ikasleei eskainitako bertsoa aurkituko duzu. Ziur aski, honezkero izango duzu horren berri, baina hona ere ekarri dugu, badaezpada, merezi du eta: https://www.aek.eus/eu/bloga/euskara-ikasleentzako-bertsoa-jon-maiaren-eskutik
Lanean segitzen dugu, esan bezala, eta halaxe jarraituko dugu. Ez gara geldirik egongo, eta, egun gutxi barru, datorren ikasturtean euskara ikasteko eskaintza berezia abian jarriko dugu. Horren berri ere zuzenean emango dizugu.
Orain, bai, gero arte. Jaso AEKren besarkadarik beroena, eta, aukera baduzu, gozatu hastear den oporraldiaz; bueltan ere, zurekin izango gara.
Eskerrik asko eta eutsi goiari!
GASTEIZKO AEK
😘